Eromenaren ertzetan sinesgarritasun osoz. Itxaso Martinen lehen
liburua da Ni, Vera. Kazetaritza eta antropologian lizentziatua,
emakumea eta psikiatria gaiari buruzko doktorego tesia egiten ari da
egun. Tesia egitera eraman zuen bilaketa beraren emaitza da eleberria,
familiako sekretu ezkutu bat argitzera eraman zuen bilaketa.
Itxaso Martin kazetaria ezagutu izan dugu orain arte; Itxaso Martin idazlea datorkigu orain. Nor da Itxaso Martin Zapirain?
Oraindik elkar ezagutzen ari gara, baina bai, bi horietatik badu zer edo zer.
Kazetaritza lanetan aritu naiz eta idaztea beti izan dut gogoko eta
beharrezko. Denborarekin konturatu naiz, biek, nire kasuan behintzat,
lotura handia dutela. Idaztea gogoko izateak eraman ninduen
kazetaritzara eta kazetaritzaren bitartez asko ikasi dut idazketari
dagokionez. Batez ere irratian eman nituen urteak izan ziren
idazketarako baliagarri, belarriarentzako idatziz asko ikasi dut.
Lehen pausoak literaturaren barrutian poemen bitartez eman
ohi dira sarri, edo ipuinak idatziz; zu, berriz, eleberri batekin hasi
zara, zuzen-zuzenean; nolatan?
Kontatu nahi nuenak hala eskatzen zuela iruditzen zitzaidan, hala
sentitu dut eta horrela atera zait. Ez nuen hasieratik eleberri bat
izango zela pentsatu, pixkanaka joan da forma hori hartzen. Istorioak
berak eskatu didala esango nuke. Hala ere, egia da ipuinak maiz idatzi
izan ditudala, baita egunerokoak ere, baina horiek niretzako geratu
dira, ez ditut inoiz argitaragarri ikusi. Eleberria idazten hasi
nintzenean ere asmoa ez zen hori, baina azkenean gauza batek bestea
ekarri du eta oraindik sinistea kostatzen zaidan tokira iritsi da.
Susmatzen da osagai autobiografikoa inportantea dela nobela honetan. Zenbateraino?
Bi pertsonaia nagusi daude nobelan, Martina eta Vera. Vera nire
birramona dela esan daiteke. Hari gertatutakoan dago oinarrituta
eleberria, hori izan nuen abiapuntu. Martina, berriz, gehiago
fikzionatu dut; Vera izan da ardatza etengabe, eta horren arabera eraiki
ditut Martina eta bere ingurua. Bi emakume horien arteko harreman
berezia da liburuak kontatzen duena.
Teresa Larrea.