martes, 7 de mayo de 2013

Ni, Vera. Itxaso Martín Zapirain. Biblioteka+


Eromenaren ertzetan sinesgarritasun osoz. Itxaso Martinen lehen liburua da Ni, Vera. Kazetaritza eta antropologian lizentziatua, emakumea eta psikiatria gaiari buruzko doktorego tesia egiten ari da egun. Tesia egitera eraman zuen bilaketa beraren emaitza da eleberria, familiako sekretu ezkutu bat argitzera eraman zuen bilaketa.

Itxaso Martin kazetaria ezagutu izan dugu orain arte; Itxaso Martin idazlea datorkigu orain. Nor da Itxaso Martin Zapirain?
Oraindik elkar ezagutzen ari gara, baina bai, bi horietatik badu zer edo zer.
Kazetaritza lanetan aritu naiz eta idaztea beti izan dut gogoko eta beharrezko. Denborarekin konturatu naiz, biek, nire kasuan behintzat, lotura handia dutela. Idaztea gogoko izateak eraman ninduen kazetaritzara eta kazetaritzaren bitartez asko ikasi dut idazketari dagokionez. Batez ere irratian eman nituen urteak izan ziren idazketarako baliagarri, belarriarentzako idatziz asko ikasi dut.

Lehen pausoak literaturaren barrutian poemen bitartez eman ohi dira sarri, edo ipuinak idatziz; zu, berriz, eleberri batekin hasi zara, zuzen-zuzenean; nolatan?
Kontatu nahi nuenak hala eskatzen zuela iruditzen zitzaidan, hala sentitu dut eta horrela atera zait. Ez nuen hasieratik eleberri bat izango zela pentsatu, pixkanaka joan da forma hori hartzen. Istorioak berak eskatu didala esango nuke.  Hala ere, egia da ipuinak maiz idatzi izan ditudala, baita egunerokoak ere, baina horiek niretzako geratu dira, ez ditut inoiz argitaragarri ikusi. Eleberria idazten hasi nintzenean ere asmoa ez zen hori, baina azkenean gauza batek bestea ekarri du eta oraindik sinistea kostatzen zaidan tokira iritsi da.

Susmatzen da osagai autobiografikoa inportantea dela nobela honetan. Zenbateraino?
Bi pertsonaia nagusi daude nobelan, Martina eta Vera. Vera nire birramona dela esan daiteke. Hari gertatutakoan dago oinarrituta eleberria, hori izan nuen abiapuntu. Martina, berriz,  gehiago fikzionatu dut; Vera izan da ardatza etengabe, eta horren arabera eraiki ditut Martina eta bere ingurua. Bi emakume horien arteko harreman berezia da liburuak kontatzen duena.

Teresa Larrea.

1 comentario:

Anónimo dijo...

En vivo y en directo, esta chica es mucho más guapa que en foto. Me ha gustado mucho el libro y se lo recomiendo a todas mis amigas.
Un fuerte abrazo. M